EUSARGHIk salatu du Euskadin ez dagoela adostasunik eta ekitaterik AGHN duten pertsonentzako arretan
Adostasuna eta ekitatea falta da Euskadin AGHN duten pertsonentzako arretan. Izan ere, irizpideetan desberdintasun handiak daude oraindik diagnostikoaren unean, Osakidetzara jotzen den probintziaren arabera. Era berean, nahasmenduaren larritasuna eraginkortasunez ebaluatzeko gabezia asko ikusten dira profesional batzuen artean, batez ere Gipuzkoako osasun zentroetan.
Maiz, ebidentzia zientifikoa bera ukatzen da, nahasmendua existitzen dela ukatuz, eta ondorioz, arreta bera eta dagokion espezialistarenganako sarbidea ezeztatzen da.
Horri gehitu behar zaio osasun zentroetan AGHN duten helduek, oraindik ere, esaldi onartezinak entzun behar izaten dituztela 2025ean: “hori ez da existitzen”, “honaino iritsi bazara, ez zara horren gaizki egongo ”, “hau ez da larria”. Eta horrela, abandonua normalizatu egiten da. Batzuetan, arazoa antsietate edo depresio gisa tratatzen da, eta ez da planteatu ere egiten muinean diagnostikatu gabeko AGHN bat egon daitekeenik.
“Urteak daramatzagu benetan guztientzat izango den osasun publiko bat aldarrikatzen, ez dituena baztertuko hura gehien behar dutenak. Bigarren mailako pazienteak gara, osasun mentalaz harro hitz egin, eta oinarrizkoari, prebentzioari, eta batzuetan ebidentzia zientifikoari jaramonik egiten ez dion sistema batean”.
EUSARGHIK ohartarazi du diagnostiko eta tratamendu faltak haurren artean sintomak larriagotzen dituela eta arriskuak biderkatu helduarorako. Gazte ugari muturreko egoeratara iristen dira, inork ez zielako lehen zantzuei arretarik jarri. “ Garaiz artatu gabeko haur bakoitza premiarik gabe katramilatutako den bizitza bat da. Prebentzioa ezin da luxu bat izan, ezta hitz huts bat ere. Prebentzioak abiapuntua izan behar du”, azpimarratu du Urkizuk.
Horregatik, EUSARGHIk, FEAADAHren eskaera nazionalaren berri emanez eta Euskadiko errealitateari begira, premiazko bi konpromiso errealista eskatzen dizkie osasun arduradunei:
- Arreta goiztiarra eta prebentiboa Osakidetzan, haurren posta kodearen mende egongo ez diren diagnostikorako irizpide uniformeekin, ebidentzia zientifikoan oinarrituta, eta lehen sintomen aurrean jardungo duten diziplina anitzeko taldeekin.
- AGHN kronikoa dela aitortzea, eta bizitza osoan zeharreko osasun laguntza izango duela bermatzea.
“Neurririk hartu gabe pasatzen den urte bakoitza galdutako aukera bat da. Ez dugu pribilegiorik eskatzen, justizia eskatzen dugu. Osasun mental publikoa ezin da familiaren posta kodearen edo erosteko ahalmenaren araberakoa izan”, nabarmendu du presidenteak.