Zer da AGN-H?
Historia apur bat:
- 1775: Melchior Adam Weikard-ek, alemaniar medikuak, testu liburu baten AGN-Hren ezaugarriak zituen nahaste baten inguruko lehenengo azalpena idatzi zuen.
- 1845: Heinrich Hoffman-ek, Frankfut am Main-ko (Alemania) ospitale psikiatrikoko lehen zuzendaria bihurtu zenak, AGN-Hrekin antzekotasunak dituen portaerak eta horiei lotutako hutsuneak dokumentatu zituen haurrentzako liburu baten, hiperaktibitatea eta arreta-defizitak deskribatu zituelarik (Hoffman, 1990).
- 1902: George Still-ek, Erresuma Batuetako medikuak, aldizkari zientifiko batean nahastearen lehen deskribapena idatzi zuen (Still, 1902a; Still, 1902b; Still, 1902c).
- 1917: Espainiar neurologo eta psikiatra zen Gonzalo Rodríguez-Lafora-k haurrengan AGN-Hren sintomak deskribatu zituen. Era berean, ziurrenik, jatorri genetikoa zuen garuneko nahaste batek eragindakoa zela esan zuen (Lafora, 1917).
- 1932: Alemaniako Franz Kramer-ek eta Hans Pollnow-ek AGN-Hren antzeko sindromea deskribatu eta “nahaste hiperzinetiko” terminoa sortu zuten. Ondoren, Osasunaren Mundu Erakundeak termino hori onartu zuen (Kramer eta Pollnow, 1932; Neumarker, 2005).
- 1970tik gaur egunera: Diagnostikoak tratamenduarekiko erantzuna, pronostiko klinikoa eta nahastearen familia-aurrekariak iragartzen dituela erakusten duten ikerketak oinarri hartuta, AGN-Hrako diagnostiko-irizpideek bilakaera izan dute.
Zer da AGN-H?
Arreta Gabezia eta Hiperaktibitate Nahastea (AGN-H) jatorri neurobiologikoa duen nahaste kronikoa da, haurtzaroan hasten dena eta eskola-adineko haurren % 3-7ri eragiten diona, alegia. Garapen-adinerako egokiak ez diren inpultsibitate-maila, mugimendu-jarduera eta arreta ditu ezaugarritzat.
AGH-N pairatzen duten haurrek, nerabeek eta helduek funtzio exekutiboetan defizit nabariak dituzte. Ondorioz, familian, eskola ingurunean eta berdinekiko harremanetan egokitzeko zailtasunak dituzte.
3 profil desberdin auki daitezke:
- Arretarik gabeko AGN-H mota
- Hiperaktibo-inpultsibo AGN-H mota
- AGN-H konbinatu mota
AGN-H sintomak
Arreta falta
- Arreta eta kontzentrazioa mantentzeko zailtasuna.
- Ez duela entzuten dirudi.
- Ez ditu instrukzioak jarraitzen.
- Ez ditu ekintzak bukatzen.
- Zereginak antolatzeko zailtasunak ditu.
- Datuak eta aginduak oroitzeko zailtasunak ditu.
- Objektuak galtzen ditu.
- Buru-ahaleginak saihesten ditu.
- Arreta galtzen du.
- Eguneroko ekintzetan zein zeregin akademikoetan arduragabea izaten da.
Hiperaktibitatea
- Eserlekuan etengabe mugitzen da.
- Eserlekutik altxatu egiten da.
- Egoera ezegokietan korrika edo salto egiten du.
- Jarduera lasaietan aritzeko zailtasunak ditu.
- Etengabe mugitzen da.
- Etengabe jardueraz aldatzeko premia du.
- Gehiegi hitz egiten du.
- Istripuak izaten ditu.
- Koordinazio motorrean zailtasunak ditu.
Inpultsibitatea
- Pentsatu aurretik jarduten du
- Behar baino arinago erantzuten du.
- Txandak errespetatzeko zailtasunak ditu.
- Elkarrizketak edo jarduerak eteten ditu.
- Ekintzen ondorioak neurtzeko zailtasunak ditu.
AGN-Hren Kausa
AGN-H pairatzen duten pertsona gehienentzat, nahastea eragiteko arrisku genetikoaz gain, ingurumeneko faktore anitz pilatzen dira (Faraone et al., 2015 ).
Zer eragiten du AGN-H pazienteengan?
AGN-H egunerokotasuneko ondorio larriekin lotura duen nahastea da: bizi-kalitatea, hezkuntza-errendimendu baxua, narriadura emozionala eta soziala, ustekabeko lesioak, suizidioa, kriminalitatea, delinkuentzia, substantziek eragindako nahasteak etab.
Zenbait zailtasun ager daitezkeen arren, pertsonek bizitza atseginak eta produktiboak bizi ditzaketela aipatu behar dugu, bereziki tratamendua jasotzen baldin badute.
Zein da tratamendurik onena?
Ezin da tratamendu bakarra aipatu. Esperientziak argi uzten digu tratamenduarekiko arrakastak eta epe luzeko onurek elementu komun batzuk dituztela:
- Diagnostiko goiztiarra.
- Esku-hartze multimodala.
- Premiazko une bakoitzean beharren ebaluazioa eta esku-hartzearen erabakia.
- Bizitzan zehar jarraipena eta akonpainamendua.
- Egunerokotasunean parte-hartzen duten eragile guztiekin (ikastetxea, familia, pertsona etb.) esku-hartzea.